EDUKIAREN GARRANTZIA
Unitate honetan, izenburuak dioenari jarraikiz, elikagai ekologikoak landuko ditugu. Badakizue zer diren elikagaiak ekologikoak? Ez baduzue erantzunik, lasai, gai honetan asko ikasiko duzue!
Hala ere, atal honetan, elikagai ekologikoak lantzeaz gain, antzezlanaren gidoia ere egingo dugu. Baina, horrekin hasi baino lehen, jakin behar duzue askotariko antzezlan-motak daudela. Ez al da horrela? Musikalak, komediazkoak, beldurrezkoak… Asko eta asko daude!
Zein dira zuen generorik gustukoenak?
Gidoia sortzeko, genero horietako bat edo batzuk aukeratu beharko dituzue! Izan ere, antzezlan-mota aukeratuta, gidoia idaztea errazagoa izango da, forma dagoeneko finkatuta izango duzuelako!
Hala ere, ez ahaztu gidoiaren edukiak ere garrantzia duela. Azken batean, interesgarria ez bada, publikoa aspertu egiten da!
Horretaz ohartzeko, abesti bat entzungo dugu.
1. JARDUERA
ENE KANTAK – JANGELAN GOXO. Gu eta gure planeta osasuntsu egoteko.
BARATZE TXIKI BATEAN URAZA TXIKI BAT
IKUSI DUT GOIZEAN ESKOLAKO BIDEAN.
MIKEL BASERRITARRAREN UZTA FRESKOA
JANGO NUKE GUSTURA JANGELA GOXOAN.
GARAIAN GARAIKOA, TOKIAN TOKIKOA
EZ AL DA HORI ZENTZUZKOA?
GARAIAN GARAIKOA TA EKOLOGIKOA
GU ETA GURE PLANETA OSASUNTSU EGOTEKO.
IKASTORDUREN BATEAN PORRU TXIKI BAT
LANDATUKO NUKE ESKOLAKO BARATZEAN,
LAGUNEKIN ZAINDU, ETA HANDITU OSTEAN
JANGO NUKE GUSTURA JANGELA GOXOAN.
GARAIAN GARAIKOA, TOKIAN TOKIKOA
EZ AL DA HORI ZENTZUZKOA?
GARAIAN GARAIKOA TA EKOLOGIKOA
GU ETA GURE PLANETA OSASUNTSU EGOTEKO
JANGELAN GOXO JATEN DUGUN BITARTEAN EGOKI ELIKATZEN IKASTEN DUGU.
BARATZE TXIKI BATEAN BROKOLI TXIKI BAT
IKUSI DUT GOIZEAN ESKOLAKO BIDEAN
EZAGUTZEN DITUDAN JAKI ZAINDUENEKIN
ELIKATU NAHIKO NUKE JANGELA GOXOAN.
GARAIAN GARAIKOA, TOKIAN TOKIKOA
EZ AL DA HORI ZENTZUZKOA?
GARAIAN GARAIKOA TA EKOLOGIKOA
GU ETA GURE PLANETA OSASUNTSU EGOTEKO.
GARAIAN GARAIKOA TA EKOLOGIKOA
GU ETA GURE PLANETA OSASUNTSU EGOTEKO
- Zeri buruz hitz egiten da abesti honetan?
- Edukia interesgarria al da?
2. JARDUERA
ELIKAGAI EKOLOGIKOAK
Unitate honen muinari heldu aurretik, pare bat galdera:
– Zer esan nahi du produktu bat ekologikoa izateak?
– Non eros daitezke horrelakoak?
– Elikagai ekologikoak kontsumitzen dituzue?
Ireki itzazue lan-koadernoak eta erantzun galderei!