ELIKADURAZ material pedagogiko gisa
Gaur egun, garrantzitsua da planetarekin bat datozen bizimoduak sustatzea, Agenda 2030 eta gizarte-mugimenduak direla eta inoiz baino pisu handiagoa hartzen ari baitira.
Testuinguru horretan, proiektu honen bitartez, elikagaien ekoizpenean eta dieta-mota desberdinen analisian edo ezagutzan sakontzea bilatzen da; horretarako, elikagaien ekoizpena, gure elikadura-hautuen ingurumen-inpaktua, nekazaritza jasangarriaren garrantzia eta elikagaien xahutzea landuko dira.
Horrez gain, elikadura-ohitura osasungarriak bultzatu nahi dira, eta planeta zaintzeko premiari buruzko kontzientzia sustatu nahi da.
Hori guztia egiteko, eta jakinda hartzaileak 5. eta 6. mailako ikasleak izango direla, material horiek modu artistiko batean lantzea proposatzean da. Horretarako, ikasleek antzezlan bat egingo dute, beste ikasleak eta hezkuntza-komunitatea sentsibilizatzeko asmoarekin.
METODOLOGIA
Unitate didaktiko hauen metodologia hezkuntza kooperatiboan oinarritzen da. Ikaskuntza kooperatiboa talde txikitan harremanak ardatz hartzen dituen hezkuntza-metodologia bat da, non ikasleek elkar errespetatzen, laguntzen eta lan egiten ikasten duten; horrela, ikaskuntza-prozesuan ezarritako helburuak elkarrekin gaindituko dituzte, arrakastaz.
Ikaskuntza kooperatiboan, ikasleen artean dagoen interakzioa nabarmentzen da. Helburu eta xede komunak izateak harreman estua sortzea ahalbidetzen du. Horregatik, garrantzitsua da azpimarratzea ikaskuntza kooperatiboan, talde-lanean ez bezala, bakoitzak bere lankideen ardura ere baduela, eta ez bakarrik bere buruarena.
Ikaskuntza kooperatiboa metodologia aktiboa da, eta elkarrekintzan oinarritzen da. Hain zuzen, ikaskuntza kooperatiboan talde txikiak egiten dira, eta talde-lanean aritzen dira norbere errendimendua nahiz besteena hobetzeko. Ildo horretatik, ikaskuntzarako onuragarriak diren ikaskuntza kooperatiboaren hainbat ekarpen aipatzen dira:
- Esperientzia lehiakor eta indibidualistekin konparatuta, harremanak askoz positiboagoak izatea eta sinpatia, arreta, kortesia eta elkarrekiko begirunea azaleratzea bultzatzen da. Jarrera positiboak garatzeko joera hori irakasleen taldera eta eskola-instituzio osora zabaltzen dira.
- etodo lehiakor eta indibidualistekin alderatuta, askoz nabarmenagoak dira ikasleen errendimendua eta produktibitatea.
- Kooperatiba-estrategiek ikasle-mota guztien etengabeko ikaskuntza bultzatzen dute. Ikasteko zailtasun gehien dituztenak ez ezik (hezkuntza-premia bereziak dituztenak barne), ikasteko gaitasun handiena dutenek ere parte hartzen dute.
- Metodo kooperatiboei esker, irakasleek aukera dute ikasleekin arreta pertsonalizatua izateko eta ikasgelan profesional berriak sartzeko (hala nola laguntza-irakasle espezializatuak, hezkuntza berezikoak edo psikopedagogoak).
- Lankideekin lankidetzan aritzeko metodoak eta lankidetza horren balorazioak osasun psikologiko handiagoa eta autoestimu handiagoa izatea eragiten dute.
- Norbere buruarekiko konfiantza areagotzen du. Ikasleek, elkarrekin lan egiten dutenean eta ideiak eta iritziak trukatzen jarduten dutenean, produktibitate handiagoa lortzen dute, eta, horrenbestez, arreta eta motibazioa handitu egiten dira.
- Ikasleen arteko laguntasunari esker eta talde bat izatearen kontzientzia garatzeari esker, autoestimu hobea lortzen laguntzen da.
Unitate honetako lankidetza-hezkuntzari esker, ikasleek elkarrekin ikasi ahal izango dute, ideia-aniztasuna baloratuz eta elkarlanean jardunez, ingurumenarekin eta biodibertsitatearekin lotutako erronkak ulertzeko eta haiei ekiteko.
Unitate didaktiko bakoitzean, hiru fase bereiziko dira: hasiera-fasea, garapen-fasea eta amaiera-fasea.
Honako fase hauek osatuko dute, beraz, sekuentzia didaktiko bakoitzaren oinarrizko egitura:
AURKEZPENA
Sekuentzia didaktikoaren abiapuntuan, ikasleei aurkezten zaie hurrengo saioetan zer egingo duten eta zer ikasiko duten. Helburua finkoa izanagatik ere, fase honetan malgutasunez jokatzen da, eta aukera izaten da ikasleekin batera azken xede hori egokitzeko, ikasgelako interesen arabera.
TESTUINGURUA ZEHAZTEA
Atal honetan, ikasleek dituzten aurrezagutzak aktibatuko dituzte, eta duten informazioa elkarrekin partekatuko dute, egitura kooperatiboak erabiliz (1-2-4, Arkatzak erdira edo Orri birakaria). Gai bakoitza lantzen hasi aurretik, irakasleak oinarrizko azalpena emango du, eta galdera-sorta bat planteatuko die ikasleei:
Zer dakite ikasleek landu nahi den curriculumaren atalari edo gaiari buruz?
Modu honetan, dakitenaren kontzientzia hartu eta ikasteko beharrak identifikatu ahal izango dituzte. Horretarako, jarduera zehatzak landuko dira: bideoak, eztabaidak, jolasak… Ikasleek, gai bakoitza lantzen hasi aurretik, dakitena edo pentsatzen dutena kontatuko dute, taldeka elkartuta. Informazio hori guztia, ondoren, gelakide guztien artean erkatuko eta partekatuko dute ordu-erdiz.
Informazioa denean, banaka edo taldeka egin ahal izango da.
Iritziak direnean, bildu egingo dira, ariketa amaitu ondoren kontrastatzeko.
GARAPEN- ETA EKOIZPEN-FASEA
Gaia planteatu eta gero, eta lanketa kooperatiboaren bidez, gaiari dagozkion galderak erantzun ahal izateko informazioa bilduko dute ikasleek. Informazioaren zati garrantzitsuetako bat sortuko dugun materialetan aurkituko dute. Ikasleek sarean lortutako informazioari erants diezaiokete galdeketen bidez lortutakoa, sekuentziak planteatutako jardueren arabera, eta, eztabaidaren bidez, ondorioetara iritsiko dira. Bildutako informazioa elkarren artean erkatuko dute ikasleek; datu objektiboak direnean, bat datozen ikusteko, eta, subjektiboak direnean, iritzi desberdinak azaltzeko. Ikasleek informazioa eta iritziak besteei banaka edo taldeka aurkezteko, informazioa eta ideiak egituratzen, sintetizatzen eta ordenatzen ikasi beharko dute. Eztabaidarako eta iritzi-trukaketarako metodologia ere jorratuko da, naturaren eta biologiaren inguruko hausnarketa landuz eta dauden egoerak, jarrerak, usteak eta praktikak ezbaian jarriz; helburutzat hartuko da elikagaiekiko eta haien xahutzearekiko jarrera hausnartzaileak sustatzea eta praktikan ere eragitea.
Orain arte bildutako informazio guztian oinarrituta, azken helburuari erantzuteko ekintzak egingo dira: bildutako informazioa antolatzea, testu-mota jakin batean kokatzea eta askotariko hizkuntza-motak erabiltzea (digitala, grafikoa, idatzia edo ahozkoa). Modu kooperatiboan egingo dute lan. Materiala ekoizten ari diren bitartean, autozuzenketa eta taldekako zuzenketa ere landuko dituzte.
EBALUAZIOA
Ikasle bakoitzaren konplexutasuna eta ikasgelako aniztasuna kontuan hartu nahi ditugunez, ebaluazioa formatiboa izatea lehenetsiko da. Sekuentzia didaktikoarekin abiatzeko garaian, gaia testuinguruan kokatzeko fasean ikasleek zituzten ezagutza eta konpetentziak alderatuko dira azken ekoizpen-fasean lortutakoekin. Ikasle edo ikasle-talde bakoitzak bidean egindako aurrerapena baloratuko da, eta ez azken emaitza bere horretan bakarrik.
HELBURUAK
HELBURU OROKORRAK ETA ESPEZIFIKOAK
OROKORRAK
Helburu orokorren artean, honako hauek nabarmendu daitezke:
- Europa osoko gizataldeen (bereziki, talde zaurgarrien) elikadura-portaeran eragiten duten faktoreak hobeto ezagutzea eta ulertzea, oztopoak eta mugak barne.
- Ingurumenaren egoeraz jabetzea eta kontsumo osasungarriko eta arduratsuko jarrerak garatzea, baita ingurune hurbila errespetatzeko eta zaintzeko jarrerak eta besteekiko zaintza eta errespetua ere, arlo honetan arduraz jarduteko eta parte hartzeko.
ESPEZIFIKOAK
Helburu horietaz gain, ondorengo helburu espezifiko hauek ditu lan honek:
- Kontsumo arduratsuko eta jasangarriko irizpideak sustatzea.
- Agenda 2030 eta GJH ezagutaraztea, eta eguneroko ekintza txikien bidez pertsona bakoitzaren inplikazioa sustatzea.
- Elikagaien ekoizpenak landan duen eragina deskribatzea eta nekazaritza- eta abeltzaintza-sistema-motak bereiztea.
- Elikagai batek egiten duen bidaia deskribatzea, nekazari batek biltzen duenetik gure mahaira iritsi arte.
- Elikagaien jatorriaz hausnartzea eta 0 kilometroko elikagaiak identifikatzen ikastea.
- Elikagaiak eta sasoia: urtaroak bereiztea.
- Elikagai ekologiko bat eta konbentzional bat bereiztea.
- Dieta jasangarria eta osasungarria mantentzeko ohiturak identifikatzea eta dieta nola hobetu ulertzea.
- Elikagaiak ez xahutzeari buruzko kontzientzia garatzea.
- Elikagaiak alferrik galtzearen arazoa eta horrek gizartean, ekonomian eta ingurumenean duen eragina agerian uztea.
Laburbilduz, jakiak alferrik galtzearen garrantziaz jabetzea eta hori nola saihestu dezakegun jakitea.
Jarraian, aurkeztu diren helburuak oinarrizko hezkuntzako curriculumarekin lotuko dira.
XXI. mendeko erronkek eskatzen dute gure hezkuntza-sistemak tresnak eskaintzea ikasleek beren bizi-proiektua garatu dezaten. Ildo horretatik, ikasleei oinarri zientifiko eta humanistiko sendoa eta ondo egituratua ematea —bai zientzia esperimentalen arloan, bai gizarte-zientzien arloan— lagungarria izango zaie bizi diren gizartea eta mundua ulertzeko; horrela, errazago hartuko dute konpromiso soziala, bidezko eta berdintasunezko trantsizio ekosoziala errazago berenganatu ahal izateko.
Natura, Gizarte eta Kultura Ingurunearen Ezagutza esparru orokor gisa ulertzen da. Esparru horren helburua da haurrak pertsona guztiekiko eta bizi diren munduarekiko konprometituak, arduratsuak eta errespetuzkoak izatera iristea, eta oinarritzat hartuko da natura-zientzien, gizarte-zientzien, geografiaren, historiaren eta kulturaren funtsezko alderdiak ezagut ditzatela. Horrela, beren ezagutzatik abiatuta, balio demokratikoetan oinarritutako printzipio etiko eta jasangarrien arabera eraldatu ahal izango dute mundua. Horretarako, oinarrizkoak dira askatasuna, berdintasuna eta elkartasuna. Gainera, ikasleek informazio-iturrien erabilera seguruen eta fidagarrien bidez lortutako ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak bereganatu beharko dituzte.
Arlo honetan, oinarrizko jakintzak hiru multzotan egituratzen dira. Eguneroko bizitzako hainbat testuinguru errealetan aplikatu beharko dira, eremu publikoan nahiz pertsonalean, arloko konpetentzia espezifikoak lortzeko. Hauek dira hiru multzo horiek:
- Kultura zientifikoa
- Teknologia eta digitalizazioa
- Gizarteak eta lurraldeak
Aurretik aipatutako guztiaz gain, bereziki azpimarratuko da garapen jasangarrirako eta herritartasun globalerako hezkuntza, 2030 Agendaren garapen jasangarrirako helburu hauekin bat etorriz, besteak beste: garapen jasangarrirako helburuak lortzearen alde lan egiteko ezagutza eta bultzada, dibertsitate etniko-kulturalarekiko errespetua, gizarte-kohesioa, espiritu ekintzailea, ondarearen balorazioa eta kontserbazioa, gizarte- eta ingurumen-arloko ekintzailetza eta berdintasunaren defentsa eraginkorra
Konpetentzia espezifikoei dagokionez, honakoekin lotzen da:
- Informazioa bilatzea eta hautatzea bitarteko eta baliabide digital eta analogikoen bidez, bai banaka bai taldean, informazioaren fidagarritasuna eta egokitasuna ebaluatuz eta teknologia digitalak modu seguruan eta jasangarrian erabiltzeko ohiturak hartuz, informazio hori ezagutza bihurtzeko eta modu antolatuan eta sortzailean komunikatzeko.
- Galdera zientifiko errazak planteatzea eta erantzutea, pentsamendu zientifikoaren berezko teknikak eta tresnak erabilita eta jakintza desberdinak elkarrekin konektatuz, ingurune naturalean, sozialean eta kulturalean gertatzen diren gertaerak eta fenomenoak interpretatzeko eta azaltzeko.
- Arazo-egoerak diziplinarteko proiektuen bidez ebaztea, diseinu-pentsamendua eta pentsamendu konputazionala erabiliz, premia zehatzei erantzungo dien produktu sortzaile eta berritzaile bat lankidetzan sortzeko.
- Natura-, gizarte- eta kultura-inguruneko elementu edo sistemen ezaugarriak identifikatzea eta aztertzea, halakoen antolamendua eta propietateak deskribatzea, eta haien arteko harremanak ezartzea, kultura- eta natura-ondarearen balioa ezagutzeko eta hura kontserbatzeko eta hobetzeko ekintzei ekiteko, erabilera arduratsu eta jasangarri baten bidez.
- Gizakiak ingurunean egiten duen esku-hartzearen kausak eta ondorioak kritikoki aztertzea, maila soziala, ekonomikoa, kulturala, teknologikoa eta ekologikoa integratuz eta pertsonen eta planetaren errespetuarekin, zaintzarekin eta babesarekin kontsekuenteak diren ohitura jasangarriak praktikan jarriz, arazoei aurre egiteko, konponbideak bilatzeko eta konponbidean banaka eta elkarlanean jarduteko gaitasuna garatzeko.
- Natura-, gizarte- eta kultura-ingurunearen jarraitutasunak eta aldaketak behatzea, ulertzea eta interpretatzea, kausalitate-, aldiberekotasun- eta ondorengotza-erlazioak aztertuta, elementuen eta gertaeren arteko harremanak azaltzeko eta baloratzeko, eta jasangarritasun-irizpideen arabera jokatzeko.
- Gizarte-ingurunean eraginkortasunez eta modu eraikitzailean parte hartzea, Adierazpen Unibertsalek eta Europako, Estatuko eta Autonomia Erkidegoko legeriak bultzatutako printzipio demokratikoek ezartzen dituzten balioak errespetatuz, erakunde demokratikoek bakea eta segurtasuna mantentzeko duten funtzioa baloratuz, errespetuzko harremanak sortzeko eta gatazken kudeaketa baketsua eta elkarrizketa bidezkoa sustatzeko.
LANDUKO DIREN ZEHAR–KONPETENTZIAK
Oinarrizko zehar-konpetentziak | Zehar-konpetentziaren aplikazioa edo lanketa proposamen didaktikoan |
Pentsatzen eta ikasten jakitea | Ikasleek edukiak ikasiko dituzte arazo errealei aurre eginez eta haiei erantzuna nola eman pentsatuz. Aurretik azaldutako kontzeptu teorikoak praktikan jarriz ulertuko eta barneratuko dituzte. |
Komunikatzen jakitea | Ikasleek ikasiko dute praktikan jarritakoa hitzez, idatziz edota ikus-entzunezkoen bitartez azaltzen. Era berean, jendaurrean komunikazio-gaitasuna hobetzeko ariketa izango da. Talde-lanaren bitartez, eztabaida landuko da. |
Elkarrekin bizitzen jakitea | Arazoen aurrean taldean erabakiak hartzeko beharrak talde–kohesioa sustatuko du. Batak bestea entzuteko, elkar ulertzeko eta taldean ados jartzeko bidea bilatu beharko dute. |
Izaten jakitea | Nork bere burua defendatzen eta taldean hartutako erabakiak aurrera eramaten ikasteko ariketa izango da. Iritzia partekatzeko, ardurak banatzeko eta antolatzeko gaitasuna lantzeko espazio bat izango da. |
Ekimenez jokatzen jakitea | Edukiak praktikan jartzeak dakarren jarrera aktiboak ikasle guztien parte-hartzea ekarriko du, eta nork bere burua defendatzen ikasteko ariketa izango da. |
Bestalde, diziplina barneko oinarrizko konpetentziak diziplina konkretuekin lotzen dira. Ondorengo taula honetan zehazten da nola lantzen den proposamenean konpetentzia bakoitza.
Berariazko oinarrizko konpetentziak | Berariazko oinarrizko konpetentziaren aplikazioa edo lanketa proposamen didaktikoan |
1. Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia | Ikasleek praktikan jarritakoa hitzez eta idatziz komunikatzen ikasiko dute. Zientziaren arloan, gai bakoitzari dagokion lexiko–aberastasuna eta –aniztasuna landuko da. Ariketak lantaldetan eginez eta ikasleen arteko eztabaidaren bidez, ulermena eta jarrera kritikoa sustatuko dira. |
2. Zientziarako konpetentzia | Sistema eta fenomeno naturalak behaketaren bidez ulertzeko eta lengoaia zientifikoaren bidez deskribatzeko konpetentziak landuko dira. Ikaslearen jarrera aktiboa eskatzen duten ariketen bitartez, metodo zientifikora gerturatuko dira. Giza jarduerek ingurune naturalean eragiten dituzten aldaketei buruzko hausnarketa sustatuko da, naturarekiko errespetua eta zaintza-kontzientzia sustatzeko. |
3. Teknologiarako konpetentzia | Informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKTen) erabilera arduratsua eta eraginkorra landuko da. Ikasleek hainbat informatika-aplikazio ezagutuko dituzte, eta ikasiko dute baliabide eta erreminta teknologikoak erabil daitezkeela egoerak ulertzeko eta konpontzeko. |
JARDUEREN ANTOLAKETA ETA TENPORALIZAZIOA
Proposamen didaktiko hau Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleentzat egokituta dagoenez, haien esperientzia propioetatik abiatuta, Natura, Gizarte eta Kultura Ingurunearen ikasgaiko orduetan egingo da. Hortaz, honako kronograma hau ikastetxe bakoitzaren baldintzen arabera molda daiteke: orotara, 4 astetan lantzeko proposamena egin da, aste horietan elikaduraren inguruko kontzeptuak lantzeko asmoarekin.
ESPAZIOA KUDEATZEA
Espazioari dagokionez, jarduerak ikasgelan eta ikasgelatik kanpo egiteko pentsatuta daude. Hala eta guztiz ere, ikastetxeko baliabideak (ordenagailuak, liburuak, tresnak…) erabili beharko direnez, hainbat sekuentzia ikastetxean bertan egingo dira. Denboraren antolaketari dagokionez, jarduerak irakasgaiaren orduetan egiteko pentsatuta daudenez, ikasturtean zehar garatuko dira.
BALIABIDEAK
Proposamen didaktiko honetan, ikastetxeko materialak beharko dira nagusiki, baita bertako hainbat ikasgela ere. IKT baliabideetarako sarbidea ere izan beharko dute ikasleek, informazioa aurkitzeko eta beharrezko dokumentuak sortzeko.
LANTALDEA
Basque Centre for Climate Change (BC3) nazioarteko eta diziplina anitzeko ikerketa-institutua da, eta Euskal Herrian du egoitza. Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak 2008an sortu zutenetik, BC3a Basque Research Centres of Excellence (BERC) programako kide da. Lan honetan parte hartu duen BC3ko lantaldea 4 lagunek osatu dute: MJ Sanz, Inma Batalla, Víctor Martinez eta Chiara De Tomassi.
MJ Sanz, BC3ko zuzendari zientifikoa, Ikerbasqueko irakaslea da eta Valentziako Unibertsitatean Biologian doktorea.
Inma Batalla Nekazaritza Ingeniaritzako doktorea eta doktoratu ondoko ikertzailea da BC3n. Haren ibilbide zientifikoa nekazaritzako elikagaiak ebaluatzeko erabiltzen diren sistemen jasangarritasunaren askotariko irizpideetan oinarritu da. Esperientzia handia du ikuspegi sistematiko baten bidez nekazaritza-sistemen azterketa holistikoa egiten, adierazle ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak erabiliz, lehen sektorearen egoera hobeto ulertzeko. Halaber, ahalegin berezia egin du nekazaritzako elikagaien sistemen inpaktuen arteko sinergiak esploratzeko, eta arreta berezia jarri du abeltzaintza-sistemetan, hainbat ikuspegi erabiliz (jasangarritasun-esparruak, BZA, “one health”, partaidetza-prozesuak, politiken azterketa…).
Víctor Martínez doktoratu aurreko ikertzailea da BC3n. Ekonomia Zientziak ikasi zituen EHUn, eta Garapen Ikasketak masterra egin zuen HEGOA Institutuan. Gaur egun, doktoretza-ikasketak egiten ari da klima-aldaketak talde zaurgarrien elikaduran duen eraginari buruz.
Chiara De Tomassi doktoratu aurreko ikertzailea da BC3n. Lurraren Zientziak ikasi zituen UNAMen, Mexikon, eta Garapen Jasangarriko Masterra KU Leuveneko Unibertsitatean, Belgikan. Gaur egun, doktoretza-ikasketak egiten ari da egungo elikadura-patroien ingurumen-inpaktuari eta dieta jasangarriago eta osasungarriagotara igarotzeko prozesuei buruz.
Lau ikertzaileek SWITCH proiektu europarrean dihardute gaur egun. Proiektu horren helburua Europako elikadura-sistemak eraldatzea da, ezagutzaren eta berrikuntzaren bidez trantsizio osasungarria, bidezkoa eta jasangarria lortzeko. SWITCH proiektuak elikadura-sistema du ardatz, eta haren xedea da Europako herritarren ezagutza eta aukerak hobetzea, dieta osasungarrietarako eta jasangarrietarako trantsizioa sustatzeko.
Proiektuak 4 urteko iraupena du, eta Europako 6 eskualdetan zenbait jarduera kudeatzea eta probatzea du helburu; horretarako, 6 hub sortu dituzte. Nekazaritzako elikagaien sektoreko eragileen topagune izan nahi dute hub horiek, sektorearen eraldaketa bultzatuko duten elkarrizketa-, hausnarketa- eta lankidetza-guneak sustatzeko. Hubetako bat BC3k, BCCk eta Kutxa Fundazioak sustatzen dute, Donostian, eta euskal elikagaien sektoreko eragile guztien eta herritarren arteko topagune eta lankidetza-ekintzen eragilea izan nahi du.
Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioa
Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak ezagutzaren transmisioa bultzatu, erraztu eta sustatzen du, aurrez aurre zein euskarri digitalen bidez. Horretarako, hainbat proiektu sortu eta garatzen ditu eta mota desberdinetako ikastaroak eskaintzen ditu.
BIBLIOGRAFIA
Aguayo, V.M., Morris, S.S., 2020. Introduction: Food systems for children and adolescents. Global food security, 27, 100435. [Kontsulta: 2024-02-12]. Eskuragarri esteka honetan.
Amigos de la Tierra, 2020. La ganadería y su contribución al cambio climático. [Kontsulta: 2024-02-12]. Eskuragarri esteka honetan.
Biesbroek, S., Kok, F.J., Tufford A.R., Bloem, M.W., Darmon, N., Drewnowski, A., et al., 2023. Toward Healthy and Sustainable Diets for the 21st Century: Importance of Sociocultural and Economic Considerations’. Proceedings of the National Academy of Sciences 120 (26): e2219272120. [Kontsulta: 2024-02-12]. Eskuragarri esteka honetan.
Caballero de León, V., 2021. Guia para familias. [Kontsulta: 2024-03-06]. Eskuragarri esteka honetan.
Ecovalia. Asociación Profesional Española de Agricultura ecológica. [Kontsulta: 2024-02-12]. Eskuragarri esteka honetan.
Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua. [Kontsulta: 2024-03-06]. Eskuragarri esteka honetan.
FAO, 2011. Global Food Losses and Food Waste. Extent, Causes and Prevention. [Kontsulta: 2024-03-06]. Eskuragarri esteka honetan.
Fernández Casadevante J.L., González Reyes, L., Cabellos A.E., Ferriz Prieto Á., 2017. Alimentar otros modelos. Guía didáctica sobre alimentación sostenible. Argit. FUHEM. [Kontsulta: 2024-03-06]. Eskuragarri esteka honetan.
Franco, M., Fajó-Pascual, M., 2023. School food systems. In: B. Caballero, ed. Encyclopedia of Human Nutrition. 4th ed. Academic Press, 341–349. [Kontsulta: 2024-03-06]. Eskuragarri esteka honetan.
Fundación Ausolan, 2024. Informe desperdicio alimentario en centros escolares. [Kontsulta: 2024-03-06]. Eskuragarri esteka honetan.
Fundación Entretantos, 2014. Informe ganadería extensiva. La ganadería extensiva y trashumante claves en la conservación de sistemas de alto valor natural. Cuadernos Entretantos 1. [Kontsulta: 2024-02-12]. Eskuragarri esteka honetan.
Fundación Elika. Calendario productos temporada. [Kontsulta: 2024-02-12]. Eskuragarri esteka honetan.
García de Jalón, S., Chiabai, A., Taylor, T., Quiroga, S., Suarez, C., Artaza, N., Blas, T., de Ayala, A., Martínez, P., Latorre, C., Lillefjell, K., Sarheim Anthun, K., 2019. Cost-Benefit Analysis of Four INHERIT case studies. [Kontsulta: 2024-02-27]. Eskuragarri esteka honetan.
Nirea Sarea. Calendario productor temporada. [Kontsulta: 2024-02-12]. Eskuragarri esteka honetan.
Perez Neira, D., Copena Rodríguez, D., Delgado Cabeza, M., Soler Montiel, M., Simón Fernández, X., 2012. Alimentos Viajeros: ¿Cuántos kilómetros recorren los alimentos antes de llegar a tu plato?. Informe Amigos de la Tierra. [Kontsulta: 2024-02-28]. Eskuragarri esteka honetan.
Plan Columela, 2006. La agricultura ecológica, una alternativa sostenible. Una propuesta de Educación Ambiental en Centros Educativos.ISBN: 84-690-2377-2. [Kontsulta: 2024-02-28]. Eskuragarri esteka honetan.
Springmann, M., Clark, M., Mason-D’Croz, D., Wiebe, K., Leon Bodirsky, B., Lassaletta, L., de Vries, W. et al., 2018. Options for Keeping the Food System within Environmental Limits. Nature 562 (7728): 519–25. [Kontsulta: 2024-02-28]. Eskuragarri esteka honetan.
Stylianou, K.S., Fulgoni, V.L., Jolliet, O., 2021. Small Targeted Dietary Changes Can Yield Substantial Gains for Human Health and the Environment. Nature Food 2 (8): 616–27. [Kontsulta: 2024-02-28]. Eskuragarri esteka honetan.
Vidal I., Fajó-Pascual M., Gutiérrez S., López E., Vázquez B., García S., Esteba A., Hernández P., Diez J., Franco M., 2023. Fostering healthy and sustainable nursery school food systems: the case study of Madrid City, Cities & Health. [Kontsulta: 2024-02-12]. Eskuragarri esteka honetan.
Willett W., Rockström, J., Loken B., Springmann M., Lang T., Vemeulen S., Garnett T., et al., 2019. Food in theAnthropocene: the EAT–LancetCommission on healthydietsfromsustainablefoodsystems. Volume 393, ISSUE 10170, 447-492 or., 2019-02-02. [Kontsulta: 2024-02-12]. Eskuragarri esteka honetan.
WWF, 2022. Europe eats the world Report. [Kontsulta: 2024-03-06]. Eskuragarri esteka honetan.
BC3 BASQUE CENTRE FOR CLIMATE CHANGE Klima Aldaketa Ikergai. Excelencia María de Maeztu, 2023-2027.
Eusko Jaurlaritza Gobierno Vasco. Hezkuntza Saila Departamento de Educación.
Hezkuntza Sailak diruz lagundutako materiala
Ikasmaterialak Creative Commons Aitortu-Partekatu-Berdin 4.0 Nazioarteko (CC BY-SA 4.0) lizentziapean daude.