Nola erabili unitateak
Webgunearen goiburuan, hasierako web-orriaz gain, material pedagogiko hau osatzen duten sei unitate didaktikoak aurkituko dituzue: “Ingurumen-inpaktuak”, “Hurbileko elikagaiak eta elikagaien bidaia”, “Sasoiko elikagaiak”, “Elikagai ekologikoak”, “Gure dietak” eta “Elikagaien xahutzea”. Gainera, irakasleek kontsultatzeko gida didaktikoak ere aurkituko dituzue. Unitate bakoitzak bere gida dauka, eta saretik deskargatzeko aukera izango duzue. Gida horietan, jarduerak gauzatzeko azalpenak aurkituko dituzue, eta baita irakaslearentzako informazio osagarria ere.
Unitate bakoitzak 3 fase ditu: hasiera-fasea, garapen-fasea eta amaiera-fasea.
Hasierako web-orrian, materialari buruzko informazioa topatuko duzue: nola erabili eta egitasmoaren nondik norakoak. Egitasmoaren nondik norakoak atalean klik eginda, aukera izango duzue jakiteko zer helbururekin sortu dugun material hau. Horrez gain, metodologiari buruzko informazioa, helburu didaktikoak eta edukiak ere aurkituko dituzue.
Unitateak lantzen hasteko, jorratu nahi duzuen unitatean klik egitea besterik ez duzue. Aukeratutako unitatean sartzean, web-orriaren goialdean, unitatearen egitura agertuko zaizue, eta, fase bakoitzaren gainean sakatuta, jarduerak aurkituko dituzue. Jarduerak ordenatuta egitea aholkatzen dugu, ikasi beharreko ezagutzak modu egokian jaso ahal izateko. Jarduera batetik beste batera pasatzeko, horretarako prestatuko botoia sakatu beharko duzue.
Bestalde, jardueren osagarri gisa, hainbat kasutan, lan-koadernoa txertatu dugu. Jardueran bertan azalduko zaizue zer kasutan jo behar duzuen lan-koadernora eta zer egin beharko duzuen bertan. Kasu horietan, lan-koadernoko botoian klik egin, eta Drive formatuko beste leiho batean zabalduko zaizue bete beharreko fitxa. Ariketak osatzen hasi aurretik, dokumentuaren kopia bat egin beharko duzue eta, ondoren, zuen Driveko karpetan gorde, modu digitalean lan egin nahi izanez gero. Saretik deskargatzeko eta inprimatzeko aukera ere baduzue, paperean egin nahiko bazenute.